2017(e)ko urtarrilaren 8(a), igandea

DONALD TRUMP HAUTATU DUTE AEBetako PRESIDENTE


Trump izango da AEBetako presidente berria. Garaipena lortu du askorentzat txarraren eta ez hain txarraren artekoak izan diren hauteskunde hauetan. Beharrezko zituen 270 delegatuak pasa ditu alderdi errepublikarreko hautagaiak, 290 ditu jada, Hillary Clintonen 228en aurrean. Presidente berriak, garaipena ospatzeko diskurtsoan, bozkaturikoaz "harro" egongo direla esan die herritarrei.

Hauexek dira agindutako 10 asmo nagusiak:

1. MEXIKOKO MUGAN HARRESIA ALTXATZEA

Legez kontrako immigrazioa geldiarazteko asmo sendoa azaldu du Trumpek, eta Mexikoko mugan jada hasita dagoen harresia bukatzeko legea bultzatuko duela iragarri du. Dirudunaren hitzetan, "Mexikok ordainduko du".


Lege horrek aurreikusten duenez, euren herrira deportatu ostean AEBra itzultzeko ahalegina egiten dutenei bi urteko kartzela zigorra ezarri ahalko zaie.


2. OBAMAK IMMIGRAZIOAREN INGURUAN BULTZATUTAKOAK BERTAN BEHERA UZTEA

Presidente demokratak deportazioen aurka bultzatutako dekretuak baliogabetuko dituela esan du Trumpek. Besteak beste, AEBra ume zirela heldutako gazteak ("dreamers" deitzen zaie) euren herrietara ez itzultzeko laguntzak ematen dituen plana (2012koa).


2014an, plan hori zabaldu zuen Obamak, baina aurreikusitako neurriak ezin izan ziren indarrean sartu, demokratek ganberetan nahikoa babes ez zutelako.


3. ERREFUXIATUEN SARRERA DEBEKATZEA


Asilo eskaerak gutxitu nahi ditu Trumpek eta Siria bezalako herrialdeetatik datozen errefuxiatuen sarrera debekatuko duela hitzeman du. Haren aburuz, zaila da egiaztatzea Estatu Islamikoaren ekintzaileak ote direnentz.

4. TPP-RI AGUR ESATEA


Urteak eman ditu Barack Obamaren gobernuak TTP delakoa (Lankidetza Transpazifikoa) negoziatzen. Urte hasieran izenpetu zuten AEBk eta Pazifikoko beste 11 herrialdek (tartean daude Australia, Txile, Mexiko, Japonia...), baina AEBko Kongresuak eman behar dio oniritzia.


Trumpen iritzian, estatubatuarren interesen kontra doa TTPa eta atzera botako duela iragarri du. Erabaki honek kolokan jar dezake akordioa, edota AEB merkataritza itunetik kanpo utzi.

5. NAFTA BERRIKUSTEA


Duela 20 urte Kanadak, Mexikok eta AEBk sinatutako Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna (NAFTA, ingelesez) berrikusi asmo du errepublikanoak. Trumpen esanetan, langabeziaren eta enpresen itxieraren errudun zuzena da.

6. KLIMA ALDAKETAREN KONTRAKO DIRU-LAGUNTZAK GUTXITZEA


Donald Trumpen berbetan, klima aldaketa "mito bat" da, eta orain arte horretara bideratutako dirutza beste proiektu batzuk laguntzeko erabiliko du.


Parisko Itunean adostutako neurri asko ezerezean gera litezke.

7. TXINAREN KONTRAKO NEURRIAK HARTZEA


Trumpek salatu duenez, yuana debaluatzeko Txinak hartutako erabakiak "hondamendia" ekarri dio AEBko ekonomiari. Altxor Publikoko idazkaria Txinara bidaliko duela agindu, eta isunak ezarriko dizkiotela ohartarazi du.

8. AUZITEGI GORENEAN BERE ALDEKO EPAILE BAT IZENDATZEA


Otsailetik, zortzi epaile daude Auzitegi Gorenean, Antonin Scalia epaile kontserbadorea bat-batean hil ostean.


Haren ordezkoa izendatu behar du Trumpek. Egindako promesaren arabera, abortuaren kontrako magistratua proposatuko du.

9. KONGRESUKO KIDEEN AGINTALDIA MUGATZEA


Kongresuko kideek gehienezko agintaldia ezartzearen alde agertu da Trump. Iraultza izango litzateke aldaketa, eta Alderdi Errepublikanoa kontra edukiko luke, ziurrena, presidente berriak.

10. ZERGAK GUTXITZEKO LEGEA ONARTZEA


Klase ertainari zergak gutxitzeko lege-proiektua aurkeztuko duela hitz eman du Trumpek. Haren kalkuluen arabera, horri esker, ekonomia % 4 igoko da eta 25 milioi enplegu sortuko dituzte



Resultado de imagen de donald trump ilustracion

Resultado de imagen de donald trump y el muro ilustracion

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina